MODULUA - ANIZTASUNARI LOTURIKO IPUINEN LANKETA
Haur Hezkuntzako Graduko bigarren ikasturteko azken lauhilekoan egingo dugun moduluko lanaren gaia aniztasuna da, eta gai hau haurrekin lantzeko, ipuinak baliabide erraz eta bisualak direlarik, hauen lanketari ekin diogu. Gai hau lantzeko aukera ematen duten hainbat ipuin entzun eta kontatu ditugu gelan, eta ondoren, haurrekin gai hau lantzeko jarduerak proposatu ditugu.
Ipuin desberdin mordo bat ikusi ditugu gelan, haietako batzuk aniztasunaren gaia orokorrean lantzeko balio dute, beste batzuk aldiz, aniztasunaren barneko gai espezifiko bat tratatzen dute. Gure kasuan, aniztasunak izan ditzaken esparru desberdin asko hobeto ezagutu edo lantzeko balio izan digu ariketa honek. Aniztasunaren inguruan hitz egiterakoan, beti gai edo alor berdintsuak lantzen edo entzuten ditugu, eta ariketa honi esker, gure ikuspegia asko zabaldu da.
Gure gelan, talde gehienek, aniztasunaren gai jakin batzuk lantzen dituzten ipuinak aukeratu badituzte ere, aniztasuna orokorrean lantzeko balio dezaketen ipuinak ere entzun ditugu. Aniztasunaren gai jakin bat lantzen duten ipuinen kasuan, adibide xume bakarra erakusten da, hala ere, ipuin horietatik abiatuta, gelan gai hori sakontzeko oraindik, aukera zabala dagoela uste dugu.
Gure ustez, lanketa egoki batekin uztartuta gai desberdin asko lantzeko joku handia eman dezakete ipuin hauek. Ipuinetatik abiatuta, aniztasuna, orokorrean edo zehazki gaien bat, edo baita beste edozein gai ere landu daitekeela uste dugu. Hala ere, ipuina irakurtzearekin soilik ez dira gai horiek behar bezala lantzen, gerturaketa huts bat soilik dira, beraz, aurretik edo ondoren, lanketa sakonago bat egitea iruditzen zaigu gai horiek egokiago lantzeko modua. Hala ere, lanketa hauek egitean kontu handia izan behar dela uste dugu, oso gertuko edo ezaguna den adibide edo gaiak landuz gero, haur batzuk minduta sentitu daitezkeelako.
Guk aukeratutako ipuinean, “Tango iritsita hiru dira”, bi pinguino arrez osatutako familia baten istorioa kontatzen da. Hau oinarritzat hartuz, gelan egiteko hainbat jarduera bururatu zaizkigu. Hasteko, aberasgarria izan daiteke haurrek beraien familiak deskribatzea, modu honetan, familia eredu ezberdinak daudela eta denak baliogarriak direla ikusiko baitugu. Gai honi lotuta, familia eredu desberdinak agertzen diren fitxa edo irudiak oinarritzat hartuz, haurrek, haien irudikapena egitea interesgarria izan daiteke, jolas sinbolikoaren bitartez familia eredu desberdinetaz jabetzeko.
Interesgarria iruditu zitzaigun beste ipuinetako bat Ainara Azpiazuren “Arraroa” izan zen. Bertan, pertsona ezberdinek dituzten desberdintasunak kontatzen dira, bakoitzarentzat arraroa zer den azalduz. Hortik abiatuz, ikasgeletan egiteko jarduera bat otu zaigu, haurrak, haienak ez diren ezaugarri eta ohituretaz jabetu daitezen. Hasiera batean, haur bakoitzak bere ohiko egun bat azalduko digu, egunean zehar zer egiten duen, norekin, nola… Hor ohitura ezberdin asko suertatuko dira, beraz ondoren, ondo legoke haurrek haien arteko desberdintasunak identifikatzea. Horrela, uste dugu haurrak haien ingurukoekin dituzten antzekotasun eta desberdintasunetaz jabetuko direla, eta hauek barneratzen eta onartzen joango direla, “arraroa” edo “normala” den ezer ez dagoela agerian utziz.
Amaitzeko, argi daukagu haurrek ez dutela aurreiritzirik eta horiek denak helduok sortutako gizarteak eragiten dituela, adinean aurrera joan ahala barneratzen direlarik. Horregatik, irakasleok, une oro gelan gertatzen denaz jabetu behar dugu eta ez dugu zenbait gaien lanketa aurreratu behar, aurrez ez dauden aurreiritziak sortu ditzakeelako. Adibidez, gelan nabarmena den desberditasun bat duen haur bat badago, baina gainontzeko haurrek honekiko dituzten jarrerak ez badira desberdinak, ez dugu beharrezkoa ikusten horri lotutako lanketa bat egitea. Izan ere, haur horri lekuz kanpo dagoela sentiarazi diezaiokegu eta besteengandik hasiera batean ez zeuden aurreiritziak sortu ditzakegu.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina